San Martin eliza, hilerriez inguraturik, leku ezin ederragoan plantatua da, herriaren gainean, Larlako mazelen behereko kasko ttipi batean. Kondairaren arabera, laminek eraiki leku sakratu baten lekuan kokatua da.
Zaila da jakitea noiz eraiki zen, baina Erdi Aroan jadanik han zen, Etxabeko San Martin elizaren lehen aipamena XII. mendearen erdikoa baita.
XIV. mendearen hastapenean, 1302an, Arrosa aipatu zen, Sanctus Martinus d’Ouses deiturik.
Baionako kapituluaren gutun batean berriz, Sainct Martin de Osses deitu zuten, 1529an.
Erdi Aroko eraikina, hain segur, behin baino gehiagotan berritua izan zen, oraingo eliza nagusiki XIX. mendekoa dela iduri baitu.
Arkitekturaren aldetik, aski ttipia eta azkarra da, leiho gorak dituen nabe bakarrarekin eta bost alaka dituen kantorearekin.
Mendebaldeko aldean, hareharri arrosazko ganga konkortua duen borta nagusia, argiki, XIX. mendearen aitzinekoa da. Haren saihetsetan, berriagoak diren bi borta badira, barneko galerietarat joateko.
Elizako ataria ere berriagoa da. Alde nagusian bermatzen da eta, haren barnean, Lurdako harpearen iduriko kapera bat bada. Haren gainean, ezkila murrua bada.