Larrangoko eta Urtxiloko harresiak

Site archéologique de Larrango
Site archéologique de Larrango

Bi harresiren arrastoak ere badira Larlan. Larrangon (579 m) eta Urtxilon (566 m) dira, mendiaren hegoko partean. Bi kasko ttipi horietan, obra haundiak egin ziren, denboran. Zinez, gotorleku itxura dute. Larrangoko gunearen iparraldean, hareharrizko lauzaz egin murru bat bada, 3 m zabal, guti gorabehera. Mendebaldean eta ekialdean, aldiz, iduri du defentsa gisa erroitzak eta malda haundiak erabiliak izan direla. Gune horren hegoaldean, handik 300 m-tan, lepo baten bertze aldean, Urtxiloko gunea bada. Larrangokoaren gisa bereko harresi batek kaskoaren hegoaldea eta ekialdeko parte bat hesten ditu.

Konfigurazioaren, topografiaren eta antolaketaren arabera, bizileku gotortua izan daiteke, F. Gaudeul jakintsuaren arabera. Haren iduriko, «untsa pentsatu eta abilki eraiki defentsako antolaketa zitekeen» protohistorian, inguruan bizi zen jendearendako. Defentsako altxatu eraikuntza baten tesia onargarria izanik ere, protohistoriakoak direla dudazkoa da. Ez da kronologia hori segurtatzen duen  aurkikuntzarik egin.

Bi harresien barnean burutu indusketa arkeologikoek ez dute neholako ezaugarri antropikorik ekarri. Urtxiloko gunean egin diren bi zundatzeetarik batek, aldiz, erakutsi du Erdi Aroan (XIII. mendean) labakitua izan zela, menturaz. Zernahi izanik, oraingoz, Urtxiloko eta Larrangoko harresietan jendea egon zelako edo bizi izan zelako seinale bihirik ez da agertu. Beraz, bizileku izan zirela zinez dudazkoa da. Alabaina, aztarna arkeologikoko (harrizko, zeramikazko edo metalezko) bakar bat ere ez da atzeman.

Bi gune gotortu horien inguruko misterioak irauten du.

(Iturriak: Gaudeul, F. (1973) : “L’enceinte d’Urchilo”, B.S.S.L.A., Bayonne, 55-62; Beyrie, A. (2000) : Mines et métallurgies antiques dans les vallées de la Nive et des Aldudes, Rapport de prospection thématique, SRA Aquitaine).