Gure iragan industriala

Joan den mendean, Arrosa bere auzo herrietarik berexten zen, biziki industrializatua baitzen: meatzeak baziren, artilearen garbitzeko lantegia, tanuaren ateratzeko lantegia, gisu-labea…

Artilearen garbitzeko lantegia

Filature de lavage de laine - Saint Martin d'Arrossa
Filature de lavage de laine – Saint Martin d’Arrossa

XX. mendearen hastapenean eraikirik, geltokitik hurbil, lantegi horrek eskualdeko artzainen artilea biltzen zuen, berexteko eta garbitzeko. Gero, artilea saltzen zitzaien oihalgintza lantegi batzuer. Irundegia 1940ko urteetan gelditu zen.

 

Tanuaren ateratzeko lantegia

1846an, gaztainondo zuretik tanu aterakinaren egiteko egin-molde bat atzeman zuten.

Zer da tanua?

Usine d'extrait de tanin - Saint Martin d'Arrossa
Usine d’extrait de tanin – Saint Martin d’Arrossa

Landareetan atzematen den molekula biologiko bat da. Larrugintzan erabiltzen da, bereziki larruaren apaintzeko edo tanatzeko.

Landare batzuetan (hala nola landare loredunetan eta zuhaitzetan) sintetizatzen da, geriza kimikoko agente gisa. Alabaina, tanua, bere propietate biologikoer esker, parasitoen kontra biziki eraginkorra da.

Arrosan, tanu aterakinak egiten zituen lantegia “Presondoa” auzoaldean zen eta inguruko oihanetako gaztainondoak baliatzen zituen. Arbola ainitz erabiltzen zuen eta, ondorioz, Baxenabarreko oihan bat baino gehiago bakandu zuen.

Lantegian, hiruretan hogei langile baino gehiago ari ziren. Inguruetako herrietakoak ziren eta, bistan dena, Arrosakoak ere ainitz. Enborrak, lantegian moztu aitzin, orain Ortzaizeko lantegi eremua den lekuan biltzen ziren.

Gaztainondoetatik atera tanua taneriei saltzen zitzaien gero, larruaren tratatzeko. Lantegiaren azken jabeak Pirinio Garaietako Tournay-ko hirian zuten egoitza.

Tanu aterakinak egiteko lantegia 1920-1930eko hamarkadan gelditu zen, gaztainondoen kopurua azkarki ttipitu zuen eritasun batengatik, iduriz.