Leiendak

Pont sur la rivière de Saint-Martin d'Arrossa
Pont sur la rivière de Saint-Martin d’Arrossa

Euskaldunak betidanik izan dira mitologia zale.

Gure herrietako historia moldatu duten pertsonaia ainitz badira, eta Arrosan ere hala da. Alabaina, gure herrian laminak ba omen ziren.

Laminak euskal mitologiako pertsonaia ezagunenak dira, hain segur, eta jende guziak anekdota bat edo istorio bat ezagutzen du, nun izaki fantastiko ttipi horiek agertzen baitira.

Urari eta ilunari lotuak zaizkio.

Ainitzetan, harreman onak bazituzten jendearekin. Istorio gehienetan, zubiak, etxeak edo elizak eraiki zituzten, baina laminen berezitasun bat da gauean ateratzen direla lanean aritzeko.

Gure herrian, Larlako behereko aldean den eliza eta zubia eraiki omen zituzten.

 

«Behin bazen hargin bat, zubi bat eraiki behar ziina… Arrosako zubia. Herriak epe bat eman zakon lanaren egiteko, zubi hori behar-beharrezkoa baitzen. Hargina lanari lotu zitzakon, bainan lan gotorra zen eta, nahiz eta eginahalak egin, epea fite bururatzen ari zen.

Arrats batez, gure hargina arras kezkaturik zagon, ohartua baitzen ezin izanen ziila bere hitza atxiki. Orduan, bat-batean, deabrua agertu zitzakon.

«Zer gertatzen zauk, adiskide? Arranguratua ikusten hut.»

Gizonak dena kontatu zakon. Deabruak ihardetsi zakon:

«Ba! Nahi baduk, ene laminekin, zubia eraikiko deat, bainan lehen oilar kantua baino lehen bururatzen baldin badiat, hire arima eman beharko daak, trukean.»

Gizonak deabruzko hitzarmen hori izenpetu ziin, bere odola erabiliz, eta etxerat joan zen.

Han, haren emaztea hargin gaixoaren aire tristeaz ohartu zen.

«Zer gertatzen zauzu?»

Gizonak bere nahigabeak kontatu zazkon.

«Zaude lasai maitea, afera konponduko dauzut, zoazi pausatzerat.»

Gau hartan berean, deabrua eta laminak zubia egiten hasi ziren…

Harriak eskutik eskurat pasarazten zituzten, batak bertzeari emanez. «To Gilen… Emadak Gilen… Har ezak Gilen… To Gilen… Emadak Gilen… Har ezak Gilen…» Lana bazoan karraskan, eta zubia altxatzen ari zen.

Gauerdi irian, gure harginaren emaztea etxetik atera zen eta oilategitik hurbildu, kandela bat eskuan. Argia piztu ziin, bizi-bizi. Oilarrak uste izan ziin eguzkia altxatzen ari zela. Orduan, tupustean jaiki zen eta kukurukuka hasi.

Hura entzutean, deabrua eta laminak tarrapatan desagertu ziren, “Oilar madarikatua!” oihukatuz.

Eta gure zubia? Zubia eraikia da!!! Bainan deabruak ez du hitza bete!! Harri bat falta da!! Arrosako zubiko azken harria. »