Arrosatarrak Pasaian

Denek Bat elkartearen ekimenez, hogeita hamar bat lagunek egun on bat pasatu zuten Pasaian, Gipuzkoan, martxoaren 23an. Goizeko programan, San Joan itsasontziaren eraikitze-xantierraren bisita gidatua, Pasai San Pedroko Albaola atelerietan, badiaren zeharkatzea ibai joan-jinkarian eta, ondotik lagun arteko bazkaria Pasai Donibanen.Zangoak berotzeko aukera ederra, Korrika Ipar Euskal Herrira jin aitzin, Pasaia zeharkatzen baitzuen larunbat eguzkitsu eder honetan, Lapurdiko itsasbazterretara joan aitzin.

Pasai San Pedron eraikia, San Juan baleontzia, Euskal Herriko belaontziek beren belak Ternuara buruz altxatzen zituzten lehenbiziko baleontzi transatlantikoen irudia da. Euskal ontzigintzaren mundu mailako distira eta hegemoniaren ikurra: San Juan hondoratu zen Kanadako kostaldean, Red Bayn, 1565ean.

Gaur egun, Pasaiko Faktoria Albaola ontziolan, Euskal Herriko boluntarioak mundu osoko beste aditu trebe batzuekin batera arituko dira erreleboa hartzeko eta XVI. mendeko baleontzia berreraikitzeko. Haatik, Faktoria Albaola eraikitze-xantier bat baino gehiago da. Adierazpen artistikoen lekua da ere, belaz nabigatzen ikasteko eskola, itsas modelismoko ateleriak, itsas-zurginak hezitzeko tokia, euskal itsas ondareari buruzko mintzaldi eta eztabaidetarako gune pedagogikoa. Museo arras polit bat bada ere, zinez didaktikoa, euskaldun munduaren itsas-aktibitateen eremua ongi erakusten duena.

Milesker Denek Bat elkarteari, ekimen eder eta arrakastatsu honengatik.