Meatze-ondarea

Four des mines Saint-Martin d'Arrossa
Four des mines Saint-Martin d’Arrossa

Arrosako burdin meatzeen historia duela bi mila urte baino gehiago hasi zen.

Burdin Aroan, Kristo aitzineko III. mendean, Larlako siderita zain aberatsa atzeman zuten. Lehen meatzeak zainaren gainean garatu ziren eta metalgintzako lantegiak horien inguruan plantatu ziren.

Orain dakigunaren arabera, antzinaroan, hainbat kilometrotako meaziloak egin zituzten Larlan. Horien artean, gure aroko lehen mendeetan lurpean zilatua izan zen Pikasariko meaziloa aipatzekoa da. Antzinaroko metalgintzako berrogeita hamasei lantegi zerrendatu dira Larlan, eta pentsatzen da 2 000 tona burdina baino gehiago ekoitzi zituztela han, Burdin Aroaren bukaeran eta galo-erromatarren denboran.

Pizkundean eta Aro Modernoan, mea ateratzen segitu zuten, gero eta sakonago joanez. Meatzeak gero eta handiagoak ziren eta ibarreko olak eta labe garaiak hornitzen zituzten, hala nola Baigorri Etxauzko ola eta labe garaia eta Bankako labe garaia.

XX. mendearen hastapenean, meatzeetako jardueraren azken denboretan, egitura haundiak eraiki zituzten, mearen ateratzeko, tratatzeko eta meatzearen jalgibidetik Ortzaizeko (orain Arrosako) geltokiraino garraiatzeko.

Hala nola, 1906an, teleferiko bat eraiki zuten (1800 m luze). Hau, mendebaldeko mazelan hasirik (Baigorriko aldean), Ustelegiko jalgibidea eta Arrosako aldeko bide bat lotzen zituen. Bide hori bagoin errotadunen ibilarazteko prestatua zen. Mea atera ondoan, beraz, airez eramaten zuten, bagoin errotadunak ibilarazteko bide horren hastapenean eraiki toberetaraino. Handik, bagoin batzuetan, mea plataforma inklinatu bateraino eramaten zuten. Plataformatik, burdin mea Pikasariko lantegiraino (320 m-ko goratasuna) igortzen zuten, hango hiru labeetan erretzeko. Siderita labeetan landuz, karbono dioxidoa kentzen zitzaion eta % 54 burdina zuen mea erdiesten zen. Gero, erre karbonatoa geltokiraino igortzen zuten, bigarren teleferiko bat erabiliz (1740 m luze). Ekoizpen horrek Bokaleko, Fumel-eko (Lot-et-Garona) eta Pauillac-eko (Gironda) labe garaiak elikatzen zituen.

Azken jarduera horien denboran, Larlako meatzeetatik 250 000 tona mea atera zituzten. 1914an, zainaren ustiapena gelditu zen.

 

> http://www.mines-larla.fr